XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baya su ixengo sara emen euskeldun bakarra igual?

-emen bai, emen e, or dau deposituen bera Buxekoa, Buxeko ba tau, gixona, eta beren ama, andrien ama be angoa ixen san ta eskixen erdera jakin, euskera baye berak estaki euskera, berak, andriek estaki, da gixona pe esteu euskera iten, eta beren ama il san ointxe urte bi edo, ixen san, orren ama Peñan bixi san ta Buxekoa ixen san, ak eskixen euskera edo erdera kasik bape jakin dana euskera.

Bilboko jatorrizko euskarari gagozkiola, berau hiru gunetan egiten dela esan beharra dago; alde batetik, Larraskituko euskara dugu, San Justo, Bentabarri eta Larraskitun bertan; berau da egoera txarrenean dagoena, izan ere, gerrarik hona ez da trasmititzen izan, edo beraiek esaten dutenez ez da ikesten.

Nik zuzenean jatorrizko bost lekuko ezagutu ditut, baina zeharbidez, badakit beste zazpi bat edo dagozena.

Alderdi honetan gerragaz batera euskararen trasmisio eten zela esan dezakegu, dagozen euskaldun horiek denak gerra aurrekoak dira; bestalde, familia berean, neba arreben artean, gerran edo beronen ostean jaiokoak guztiz erdaldunak dira.

Jatorrizko euskararen beste gune bat Buja aldea dugu, alderdi honetan, Bujan, Seberetxe eta Bujagoitin bertako euskaldun franko dago; berton zenbait familiatan euskara gaur egun ere trasmititu egiten da, gazteek bertako euskara nahastu badute ere, Bilboko euskaldunak direla ezin uka daiteke.

Azkenik, Begoñako Arbolantxa, Otxarkoaga eta Txurdinaga inguruan antzera jazotzen da.

Gune honetan, gazte eta ume euskaldunak aurki ditzakegu lotzen diren baserri batzutan.

Jatorrizko euskarari dagokionez, gaindiroki aitatu dugun egoera horrelakoa izanda ere, ezin ahaz dezakegu Bilbon badirela, behinik behin, beste era bitako euskaldunak.

Batzuk, bertokotu egin diren beste herri batzutakoak, berauetan bitzuk ditugula; batzuk, etorri berriak, baina beste batzuk bigarren eta hirugarren belaunaldikoak direnak, eta berauek bertoko euskalduntzat hartu behar direlakoa daukat.

Azkenik, urteokaz euskaldundu garenok gagoz, eta ez gutxi.

Denon artean, ia 34.000 izanda, Bilboko euskara egiten dugu.

Bilboko euskara, baita gure seme-alabek ere egiten dute, Bilbon jaiokoak, gainera euskaldun zaharrak direnak, bestalde.

Argi dago, gaur egun, Bilboko euskara osatzen duten aldagai guztiak kontutan hartuta, berau aztertzeko ez direna nahiko dialektologia tradizionalak opesten dizkigun bideak erabiltzea; horretarako, soziolinguistikak beste bide batzuk ematen ditu, eta Bilboko euskara, egin diren entseiuak gogotan erabilita ere, aztertzen ez bada ez da Bilbon euskararik ez dagoelako; hala ere, dialektologia tradizionala ondino egin daiteke.